Gobierno Vasco
Consejo Graduados Sociales País Vasco

Euskal Herriko Graduatu Sozialen Kontseiluak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Graduatu Sozialen Elkargo Ofizialen lankidetzarekin, abian jarri ditu Gizarte eta Lan Informazioko eta Herritarrei Arreta emateko Guneak, herritarrentzako informazio soziolaboraleko eta arretako DOAKO zerbitzu bat, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak diruz lagundua.

Zerbitzu hori Gizarte Segurantzako langile, langabe eta onuradunei zuzenduta dago, eta, lehentasunez, gure erkidegoko pertsona kalteberenei.

Bulego horietan, adiskidetze-orriak egiten, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzan salaketa-idazkiak egiten, Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileetan eta erakunde autonomoetan aurretiazko erreklamazioak egiten eta lan-araudiarekin lotutako kontsultak ebazten lagunduko da.

Ez da jarduketa judizialik edo estrajudizialik egingo, eta Zerbitzuak informazio- eta orientazio-lana baino ez du egingo. Era berean, ahal denean, erabiltzaileei informazioa emango zaie dokumentazioa aurkezteko jo dezaketen erakundeei buruz, bai eta egoki diren dokumentu edo eskaerei buruz ere.

Profesional elkargokide boluntarioek goizeko ordutegian emango dute zerbitzua, erabiltzaile bakoitzeko 30 minutuko gehieneko iraupenarekin, Donostiako Justizia Jauregian (Kalkutako Teresa plaza 1), eraikinaren beheko solairuan horretarako prestatutako gunean.

Arreta jasotzeko, nahitaezkoa izango da aldez aurretik eskabide-inprimakia betetzea. Zerbitzuarekin lotutako edozein zalantza izanez gero, Elkargoarekin harremanetan jar zaitezke orientacion@graduadosocialgipuzkoa.com helbide elektronikoaren bidez edo 943 467 908 telefonoaren bidez, 10:00etatik 13:00etara.

Hitzorduaren baldintzak

Erabiltzaileak hitzordura joan beharko du esleitutako egunean eta orduan. Justifikatutako arrazoi batengatik atzeratzen bada, gehienez ere 10 minutuko tartea ezartzen da. Tarte hori igaro eta pertsona bertaratu ez bada, hitzordua galduko da eta ez da beste hitzordurik esleituko, behar bezala justifikatutako arrazoirik ez badago.

Ezin izango da esleitutako data eta ordua aldatu, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik.

GARRANTZITSUA. Arreta eskatzeak eta zerbitzu hori erabiltzeak ez ditu kasu bakoitzean aplikagarriak diren legezko, administrazioko edo prozesuko epeak eteten.

Zerbitzutik kanpo dauden pertsonak

Ez dira zerbitzuaren onuradun izango:

    • Enplegatu publikoak eta administrazio publiko bateko langile gisa zerbitzuak ematen dituzten pertsonak.
    • Langileen ordezkariak.
    • Langileak ardurapean dituzten langile autonomoak.
    • Etxeko enplegatzaileak.
    • Enpresak, pertsona fisikoak zein juridikoak izan.
    • Aholkularitza juridikoan diharduten bulego profesionalak eta enpresak.
    • Pentsiodunak, salbu eta baliabiderik ez dutela edo kalteberatasun bereziko egoeran daudela egiazta badezakete.